lunes, 29 de abril de 2013

AHT Gelditu! Elkarlanak ere Nafarroako egungo proiektua ez dutela eginen erran du

Ez dutela Nafarroako AHTaren egungo proiektua eginen. Horixe berretsi du AHT Gelditu! Elkarlana taldeak. Joan den astean horixe bera erran zuten Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak. AHT Gelditu! Elkarlanak ere egungo proiektua ez dutela gauzatuko uste du. Hori errateko "informazioa" dutela azaldu du taldeko kide Luis Iriartek. Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten prentsa oharrak ere Nafarroako proiektua aldatzeko asmo agerian uzten zuela erantsi du. "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa litzateke", erran du Aitor Elizaldek.
+ Info: Berria
60 kilometroko bidea izanen litzateke hori. "AHT zati motzena eta eta zentzugabeena", nabarmendu du Elizaldek. Gainerako zatietan egungo trenbidearekin eginen lukete bat, hirugarren errailaren bidez, Europak ezarritako zabalerara egokitzeko aukerarekin. Hori dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako obra guztiak bertan behera uzteko eskatu du, bai eta Euskal Y-arenak ere. Zalantzak agertu dituzte taldeko kideek proiektuaren bultzatzaileen asmoen inguruan. "Zergatik jarraitzen du Nafarroako Gobernuak Castejon eta Campanas arteko zatia egiteko tematzen? zer mesederen truke egiten du hori?", galdetu dute.

Hemen dago AHT Geldituren irakurketa 

NAFARROAKO AHTREN BI ZATIK PORROT EGIN DUTE
Hala ere, Nafar gobernua tematuta dago Castejon eta Arrizabalagaren arteko zatia eraikitzeko

Apirilaren 8an, Yolanda Barcina eta Ana Pastor Sustapen ministroa Madrilen buruturiko bileraren ondoren, Nafarroako Gobernua eta Sustapen ministerioak prentsaurreko bat eskeini zuten. Prentsaurrekoaren idazkian, Nafar gobernuak Sustapen ministerioarekin hitzarmen ekonomiko duen zati bakarraren eraikuntzaren jarraipena berresten zuen, alegia, Castejon eta Arrizabalaga artekoa, Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Tafalla azpizatien erakusketa publikoko prozedura iragartzen zuelarik.
Aldiberean, aipaturiko idazkian honako hau esaten zuten: “Trazaketa berri hau (Castejon-Arrizabalaga) trenbide sarearekin lotuko da, aldi baterako lehen fasean, egungo trenbidea ahal den gehien erabiliz, eta nazioarteko zabaleradun trenak ibili ahal izateko –UIC zabalera- bateragarri eginez. Horrek Nafarroari aukera emanen dio Europaz gaindiko trenbide sarean sartzeko, karga hausturarik gabe”.

Hitz jario tekniko-politikoa hau itzultzen saiatu gara, komunikatu honek dioena zabalduz eta adituekin kontrastatuz. Itzulpena askoz errezagoa da: ustezko Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko trazaketa berria ez da burutuko. Bidenabar, Iruñea eta Euskal Y grekoarekiko abiadura handiko konexioa ez da eraikiko. EAErekiko lotunea Gasteizen izanen litzateke eta ez Ezkio-Itsason, aurreikusita zegoen bezala. Zaragoza eta Euskal Y grekoaren artean eraiki nahi den abiadura handiko tarte bakarra Castejon-Arrizabalagakoa litzateke. Nafar Gobernua eta Sustapen ministerioak finantziazio ituna sinatu zuten bakarra, 2010ean. Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Pepe Blancok izenpetu zuten hitzarmen hori, egun, ustelkeria kasuetan hiruak auzipetuta. Gauzak horrela, egungo trenbide sarea mantendu nahi dute, iberiar zabaleran, eta etorkizunean, europako zabalera (UIC) ahalbidetzen duen hirugarren erraila gehitu asmoz daude. Moldaketa honek 2 milioi € kilometroko balio du bakarrik. Hala ere, Castejon eta Arrizabalaga artean, trazaketa berri bat eraikitzen segitzen dute, abiadura handikoa. Kasu honetan, lurraldean eragiten duen txikizio itzelaz gain, kilometroko 11 - 15 milioi € kostatzen du, lur zolaren araberakoa.

Nafar gobernuaren partetik proiektu honen defentsa aurreikusten ahal dugu. Izan ere, aipaturiko komunikatuan honela esaten dute: “trazaketa berri hau egungo trenbide sareari lotuko zaio iberiar zabaleran, bakar bakarrik aldi baterako lehen fasean”. Kea saldu nahian dabiltza. Konexio honetako trazaketa berriek porrot egin dute. Sustapen ministerioak 50.000 milioiko zorra du eta Nafar gobernua, arpilaketaren ondoren, ez dabil askoz hobe. Shakespearek honako hau zioen: Nafarroak mundua harrituko du. Gaur egun hori zaila da baina Nafar gobernua guttienez saiatu, saiatu egiten da: munduko AHT trazaketa motz eta zentzugabeena egiten ahaleginduko da. 60 km.ko porlanezko orbaina, ipar zein hegoan egungo trenbidearekin lotuko litzatekeena, agian hirugarren errailez hornitua.Uharte bat Zaragoza eta EAEren artekoa.

Itoizko urtegia, Nafarroako ubidea, Urantziako zirkuitoa, Noaingo aeroportuaren zabaltzea edota Reyno Arenarengatik ezer ikasi izan ez bagenu, agian isildu beharko genuke. Baina, orain dakigunarekin, Nafar gobernuari galdetu beharko genioke zergatik segitzen du temati Castejon eta Arrizabalaga arteko AHTko trazaketa berria eraikitzen. Zertarako? Zer mesederen truk? Eraikuntza sektore indartsu eta neurrigabeko norekin dago zorretan? Horri guztiari gehitu behar zaio Etxabakoitzen egin nahi duten geltoki berria eta berarekin batera martxan dagoen urbanizazio berriaren eraikuntzaren egitasmoa. Afera hau, gainera, Nafar gobernuko Garraio sailburua den Luis Zarralukik gogo handiz eta sutsuki bere gain hartu du. Proiektu honetan dena iluna izan da, baina maiz esaten denez, kaka beti ur azalera atera ohi da.

Horrenbestez, AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako AHTren lanak eta proiektua gelditzea eskatzen du, EAEn Euskal Y grekoaren lanen gelditzea eskatzen duen bezalaxe. Egoera honetan, makroazpiegitura hauek are arrazoigabe, bideraezin eta jasangaitzagoak dira. Hori dela eta, Euskal Herriko AHTren proiektu osoaren erabateko gelditzea lortzeko borrokan segitzeko deia egiten dugu.

Iruñea, 2013ko Apirilaren 29

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada